Les petits villages du futur. Congrès International

Zerain (Gipuzkoa)

(Au-delà des histoires et des clichés)

Vie communautaire, culture et développement rural dans les petits villages d’après demain.

Ce congrès vise à réfléchir sur le développement, les caractéristiques spéciales et l'avenir des petits villages en milieu rural, et à analyser les relations communautaires et durables avec l'environnement, ainsi que des modèles novateurs de développement économique.

Domaines thématiques
Les modèles socio-economiques
Catégorie
Réflexion
État
Terminé
Período
2016-11-17-2016-11-19

azalpena

Kongresu honetan landa eremuko herri txikien garapenaz, ezaugarriz bereziez eta etorkizunaz hausnartuko da. Herri txikien komunitate harremanak, ingurunearekiko harreman jasangarriak eta ekonomia garapenerako eredu berritzaileak aztertuko dira.

Kongresuak Europako eredu erreferenteak nahiz Euskal Herri mailako esperientzia anitzak jasoko ditu, ahalik eta kopuru zabalenean.

Egungo munduan, globalizazio bortitzean murgildurik eta biztanleriaren gehiengoa hirietan kokatzen delarik, zein leku dute Euskal Herrietako, herri eta udalerri txikiek? Zein erronka, arazo eta aukera ditugu aurrera egiteko? Eta zer-nola erantzun beharko genieke? Zer ekartzen diote herri txikiek gizarteari? Zer eskatzen diote herri txikiek gizarteari? Hiriek baldintzatzen al dituzte herri txikiak?

Galdera horiei erantzun batzuk eman nahian antolatzen da Kongresu hau, Eusko Ikaskuntzaren eta ZerainLab esperimentazio gunearen elkarlanaren bidez.

Landa garapenaz literatura, herri politika eta esperientzia asko badago ere, herri txikiek berezko izan duten komunitate bizitzaren gaineko hausnarketa ez da hain ugaria. Eta azken urteotan, landa garapena bultzatzeko lan eskerga egin eta energia handia jarri bada ere, ez da hainbeste erreparatu komunitate bizitzak berezko dituen balio eta kulturetan. Batez ere, teknologiaren iraultzei lotuta azken hamarkada gutxitan transformatu du mendeetan zehar lantzen joandako kultura komunitarioa. Herri txikien etorkizuna, komunitate bizitzaren ikuspegitik landu nahi du kongresu honek.

Horretarako, alderdi teorikoak nahiz praxiak jorratuko dira. Modulu teorikoan, komunitate bizitzaren sustrai bereziak eta etorkizuneko erronkak izango ditugu eztabaidagai, bai eta landa-garapenerako eredu berriak ere.

Modulu praktikoan, aldiz, herrigintzan lanean ari diren hainbat ekimenen berri izango dugu, elkar-ezagutu eta etorkizunean balizko aliantzak sortu daitezen.

Azkenik, etorkizuna irudikatzeko talde-dinamika proposatzen dugu. Bertan, herri txikientzat zer etorkizuna nahiko genukeen adieraziko dugu, eszenario desiragarri horretara iristeko eman beharreko urratsak identifikatzen ditugun bitartean. Foroaren amaieran, eta Kongresuan lortutako ondorioen baitan, Zeraingo Adierazpena idatzi eta gizarteratuko da.

ZERAINGO ADIERAZPENA

"Etorkizuneko herri txikiak" izenburupean Zerainen 2016ko azaroaren 17tik 19ra bitartean egin den nazioarteko kongresuaren amaieran, antolatzaile eta sustatzaileok, publikoki honakoa adierazi nahi dugu:

Herri txikiak beharrezkoak dira eta etorkizuna dute Euskal Herrian.

Herri txikietako jendeak etorkizuna gure esku dugu eta gure esku hartu nahi dugu. Gure geroaren protagonista izan nahi dugu eta izan behar dugu, gure etorkizunean sinesten dugulako. Tokian-tokian, leku bakoitzean, guk erantzun nahi diegu gure esku dauden beharrizanei.

Herri txiki biziak nahi ditugu. Biziak eta bizitzeko modukoak. Guk ere bizi eta ongi bizi nahi dugulako. Sinesten dugu herri-bizitza duten herrietan; lanbidea, ogibidea izateko aukerak sortzen dituztenetan; naturarekin errespetuan bizi diren herrietan; eta hori guztia bultzatzen duten komunitate kohesionatuetan.

Ez dugu lo-leku idilikorik nahi. Ez dugu postaletako argazki hutsik nahi. Ez dugu arimarik eta bihotzik gabeko herririk nahi. Pertsonen bizi-leku biziak nahi ditugu.

Landa-inguruneko herriak gara. Landa ingurunean mendeetan zehar sortu eta garatutako jakintza, kultura, balio eta tradizioak etorkizunerako oinarri ditugu. Ezin dugu herri txikien etorkizunik eduki lehen sektorerik gabe, gure baserri, abeltzain, artzain, nekazari eta laboraririk gabe. Herri txikien etorkizuna nahitaez laborarien etorkizunari lotuta dago, eta beraz, lehen sektorea sustatu behar dugu.

Landa eremuko herri txikiak gure kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri txikietan ditugu, eta horregatik gure hizkuntzaren etorkizunerako ere beharrezkoa dugu herri txikien garapena.
Herri txikiei buruzko topikoak eta iruditegi faltsuak hautsi nahi ditugu. Hiriarekin dugun harremana birpentsatu beharra daukagu. Ekar gehiago ezagutu beharra dugu, elkarri zer eskaintzen diogun ezagutu eta baloratu. Lurralde eta gizarte bereko kideak gara eta elkarren beharra daukagu, baina harreman orekatua behar dugu. Gure herriaren etorkizun hoberako, kultura urbanoaren eta landa eremuko kulturaren arteko elkarbizitza orekatua behar ditugu.

Herri txikiok elkarrekin lan egin behar dugu, txikiak gara eta asko dugu elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin partekatzeko. Kontzientzia kolektiboa hartu, landu eta indartu behar dugu herri txikien etorkizuna hobetzeko eta gizarteko gainontzeko kide, eragile, talde eta erakundeekin erlazionatzeko.

Etengabe eta oso azkar aldatzen doan mundu eta gizarte globalizatuan, herri txikiok ere etengabe gure burua egokitu beharra dugu. Etorkizun ona izan dezagun etengabeko berrikuntza eta ikerketa bultzatu nahi ditugu, landa eremuko komunitateek beharrezko ditugun arlo guztietan: gobernantza sistema berrietan, kulturaren garatzean, ekonomia berrietako aukeretan, ekologian eta abarretan.

Herri txikiok bizirik gaude. Herri txikiok esna gaude. Herri txikiok elkarrekin lanean ari gara etorkizuna lantzen. Lehen bezala orain, eta orain bezala gero, herri txikietako jendeak ere, ondo bizi nahi dugulako.

Zerainen, 2016ko azaroaren 19an.

GAUZATUTAKO EKIMENAK

Informazio osoa >>>