Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen
Etorkizuneko Euskal Hezkuntza-Sistemaren inguruko herri-hausnarketa abian du Eusko Ikaskuntzak. Asmo honekin Euskal Herriko Hezkuntza-Sistemaren Liburu Zuria osatzea bilatzen dugu. Euskal Herriko jendartearen erronka nagusiak hausnarketa ardatz hartuta, lurralde desberdinetan partekatzen ditugun hezkuntza lehentasunak modu kolaboratiboan identifikatuko ditugu. Ondoren, etorkizuneko eszenatokiak definituko ditugu horiei erantzuteko beharko lituzketen proposamenen inguruko adostasunak landuz.
Hezkuntza-sistemaz ari garenean, hiru hezkuntza sistemetaz hitz egin behar dugu: Euskal Hirigune Elkargokoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroko Foru Erkidegokoa. Errealitate bakoitzak bere legedi bereizia dauka, bere arazo, erronka, ahuldade, indar-gune, bilakaera eta betebeharrak ditu. Alabaina, hezkuntzan bereziki, elkarren arteko ezagutza eta elkarlana dira herri gisa eskuartean ditugun erronkei aurre egiteko modu bakarra.
Horregatik, zeharkako gaietatik harago, lurraldez lurralde, eremu instituzional bakoitzean beharrezkoak diren herri-hausnarketetan laguntzeko gaude.
azalpena
Hezkuntza-sistemak, bere zentzu zabalenean, berebiziko papera du kontzientzia kritikoaren sustapenean eta, bide horretan, gizartearen norabideaz irizpide propioak izateko gai diren pertsonak heztea dagokio. Hezkuntza-sistemak herritar arduratsuak sortzeko –hots, gainerako herritarrei lotzen dituzten helburu komunez jabetzen direnak- eta beraz, gizarte kohesionatuaren eraikuntzan rol garrantzitsua du.
Baina identitate zibikoa transmititzeak berarekin dakar nolabaiteko identitate partekatua egotea. Hezkuntzak gaitasuna du iragana, orainaldia eta etorkizuna lotzeko, etengabe berriztatzen den komunitateko kide sentiaraziz herritarrak haurtzarotik bertatik.
Komunitate zehatz baten erronkak eta helburuen arabera definitu beharko genuke hezkuntza eta hezkuntza-sistema, horretarako, egungo ideia-balio-sistema itaundu beharko genuke etorkizuneko hezkuntza eta hezkuntza-sistema nondik joan beharko luketen adosteko, hezkuntza-sistema jendartea eta bere bizi-baldintzak hobetzeko palanka izatea bada gure helburua. Egungo ideia-balio-sistema itauntzerakoan datoz adostasunerako arazoak. Aldaketa sakona eta aurrera-bidea posible izateko, oinarrizko akordioak bideratzea funtsezkoa izango da.
Talkak egonda ere, akordioa eraikitzeko balio eta printzipio nagusiak partekatzen ditugu: demokrazia eta partehartzea, askatasuna, berdintasuna eta aniztasunaren aldarria; nazioen arteko elkartasuna; kulturaren garrantzia, hizkuntza propioa eta eleaniztasuna bultzatzea. Partekatutako zoru komun honetatik abiatuta, erantzukizun kolektibo gisa planteatu beharra dago hezkuntza-sistemaren etorkizuneko diseinua.
Euskal gizartearen aniztasun kulturalaz jabetuta eta bazterkeria albo batera utzita, aniztasuna euskara eta euskal kultura ardatz hartzen duen balio publikoen esparru berri bati lotu behar zaio, euskara eta euskal kultura gizarte kohesiorako eta identitate partekaturako eraikuntzarako tresna gisa hartuz.
Hezkuntza-sistemari buruz aritzeko ikuspegi guztiak bildu beharko genituzke; hezkuntzaz arteetatik, kulturatik, sozio-ekonomiatik, zientzia eta teknologia esparrutik, erakundeetatik, hezkuntza-komunitatetik… hitz egin behar da.
Euskal Hezkuntza-Sistemaren inguruko herri-hausnarketa abian jartzea da gure asmo nagusia, eta hausnarketa horren emaitza izango den Euskal Hezkuntza Sistemen Liburu Zuria osatzea (EHSLZ). Epe ertainean, patxadaz, garatuko dugun prozesuan oinarrizko akordioak modu partekatuan identifikatu nahiko genituzke. Euskal Hezkuntza-Sistemak epe luzera begira beharko lukeen marko partekatua oinarri sendoetan finkatu dadin. Gure hezkuntzaren inguruko proposamen adostuak jasotzea, politika publikoen eta gizarte dinamiken mesedetan jarriz.
Gobernantza eredu berritzaileak erabiliz, Euskal Hezkuntza-Sistemaren Liburu Zuri horren osaketarako lankidetza eremura ekarri nahi ditugu euskal erakundeak, eragileak, adituak eta herritarrak, diagnostikoak eta proposamenak partekatzeko eta, ahal denean, adosteko.
Euskal Hezkuntza-Sistema, singularrean deklinatzen dugu, Euskal Herria delako Eusko Ikaskuntzaren lan eremua eta gure egitasmoaren itsasargia.
Begirada luze honek –liburu zurian jaso nahi duguna–, euskal lurraldeetan bizi ditugun errealitate ezberdinak gainditzen ditu. Hortaz, ez dago asmorik errealitate instituzional bakoitzari zehatz mehatz erantzuteko. Proposatzen ari garen hausnarketaren helburua errealitate ezberdin guzti horientzako balizko erreferente bat eskaintzea da: egungo egitura politiko-administratibo ezberdinen gainetik, eta bakoitzaren ezaugarri eta gaitasunen araberako erritmoa errespetatuz, mundu konplexu eta aldakor honetan kokatzeko euskal hezkuntza-sistemak behar duen estrategia partekatu baterako oinarriez hausnartzea proposatzen ari gara, ez besterik.
Horregatik, zeharkako gai ezagunetatik harago, lurraldez lurralde, eremu instituzional bakoitzean beharrezkoak diren herri-hausnarketetan laguntzeko prest gaude.
helburuak
Etorkizuneko Euskal Hezkuntza-Sistemaren inguruko herri-hausnarketa abian jartzea da asmo nagusia, eta hausnarketa horren emaitza izango den Euskal Hezkuntza Sistemen Liburu Zuria osatzea (EHSLZ). Euskal Hezkuntza-Sistemak epe luzera begira beharko lukeen marko partekatua oinarri sendoetan finkatu dadin, epe ertainean garatuko dugun prozesuan oinarrizko akordioak modu partekatuan identifikatuko ditugu, gure hezkuntzaren inguruko proposamen adostuak jasotzeko, politika publikoen eta gizarte dinamiken mesedetan jartzeko xedearekin.
Horretarako, egitasmoa bi fase nagusitan banatuko da eta honako helburu nagusiak planteatzen dira:
FASE I: DEFINIZIO PARTEKATUA ETA ALIANTZEN SORRERA (2021-2022)
- Euskal Herriko jendartearen erronka nagusiak hausnarketa ardatz, Euskal Hezkuntzarekin lotutako gaiak eta lehentasun nagusiak lankidetzan identifikatzea. (Euskal Herri mailako zeharkako gaiak eta lehentasun partekatuak: Agenda)
- Legitimitate herritarra lortzea: Euskal Herriko eremu desberdinetako “herritar giltzarri-zubigileak eta gazteak” (interesdun eragileak) identifikatzea eta elkartzea egitasmoarekiko konpromisua lortzeko helburuarekin.
FASE II: EUSKAL HEZKUNTZA-SISTEMAREN LIBURU ZURIA (2022-2023)
- Identifikatutako zeharkako gaiak lantzea, aurretik ezarritako helburuen arabera. (Errealitatearen irakurketa partekatua burutzea)
- Irakurketa partekatuen nahitako eszenatokiak marraztea.
- Definitutako eszenatokiek beharko lituzketen proposamenen inguruko adostasunak lantzea.
- Euskal lurralde eremu guztietan garatu daitezken balizko politika publikoen oinarriak xedarritzea.
- Esperientzia pilotuak adostea eta diseinatzea.
metodologia
Herritarren parte hartzea sustatu eta inteligentzia kolektiboa indartuko duen demokratizazio prozesu sakon baten aldeko hautua egitea ezinbestekoa da. Herri-hausnarketa zabal eta partekatuak burutzeko asmo kolektiboa indartzea bilatuko dugu.
Horretarako, gobernantza kolaboratiboan eta lurralde gobernantzan oinarrituko gara: erabaki publikoak hartzeko edo berrikusteko unean herritarren, erakundeen eta gizarte eragileen borondateak uztartzeko aukera eskaintzen duen eredua eta, lurraldeetan errotutako uste eta balio partekatuak – komunitate sentimendua- zabaltzeko eta indartzeko harreman sareak lekutzen duen eredua.
Adostasunak eta desadostasunak kudeatzen lagunduko duen eremu deliberatzaile abegikorra eskaini nahi dugu: herritarrak, eragileak, adituak eta erakundeak eroso bilduko dituen eremua. Helize laukoitzaren eredua jarraituz, Eusko Ikaskuntzak artekari lana betetzeko asmoa du, elkarrengandik urrun edo elkarri bizkarra emanda dauden aktoreak artekatuz, sektore eta talde desberdinen “hizkuntza” eta “diskurtsoa” oinarrizko jomuga eta logika partekatu batean konektatze aldera.
Ezarriko den metodologia parte-hartze prozesu batean oinarrituko da, eta prozesuan parte hartuko duten subjektuen diskurtso partekatua hartuko da azterketarako irizpide gisa etorkizuneko Euskal Hezkuntza-Sistemaren erronkak eta lehentasunak identifikatzeko (agenda), identifikatuko diren gai horien nahitako eszenatoki partekatuak definitzeko eta hauek beharko lituzketen proposamenen inguruko adostasunak lantzeko.
Parte-hartzaileen diskurtso partekatuaren azterketatik ondorioztatuko diren emaitzetatik, aurkakotzat hartutako jarrerak gainditzen dituzten adostasunak identifikatuko dira. Adostasun horiek printzipio gidari gisa hartuko dira. Printzipio horiek lankidetzazko gobernantza eta aurrea hartzekoa finkatzeko irizpideak ezagutzen eta zehazten lagunduko digute.
Euskal Herriak une honetan hezkuntza-sistemari zuzenean eragiten dioten hainbat jendarte erronka nagusi ditu aurrean, nolabait Euskal Herria euskara eta euskal kultura ardatz bezala hartzen dituen komunitateak aintzat eta aurreikusi behar dituenak. Erronka nagusiei erantzuteko, nolako etorkizuneko hezkuntza behar dugun galderari erantzungo diogu.
Hezkuntzaren etorkizun aukerak modu irekian lantzeko, hausnarketa ardatz tematiko nagusietan kokatuko dugu eztabaida:
- Demografia eta gizarte kohesioa.
- Digitalizazioa eta inteligentzia artifiziala.
- Iraunkortasuna: ongizate-eredua eta hizkuntza eta kultur-aniztasuna.
- Gobernantza eredu komunitarioa eta horizontala: erantzukidetasuna eta demokratizaziorako kultura.
ekintzak eta foroak
FASE I: DEFINIZIO PARTEKATUA ETA ALIANTZEN SORRERA (2021-2022)
- Foroa: 2022/10/22
- Foroa: 2022/10/15
Euskal Hezkuntza Sistema, etorkizuna lantzen: Iparraldeko ahotsa eta azpimarra
- Foroa: 2022/06/18
Euskal Hezkuntza Sistema, etorkizuna elkarrekin lantzen. Gazteen ahotsa eta azpimarra
- Foroa: 2021/09/11
Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen
EUSKO JAURLARITZAREN HEZKUNTZA SAILAREKIN LANKIDETZAN
- Jardunaldia: 2023/03/04
- Foroa: 2022/09/17
- Foroa: 2022/06/04
- Sinposioa: 2021/10/22-23
Euskal Hezkuntza-Sistema: adituekin solasean, herritarren azpimarra
Ekintza osagarriak
Eusko Legebiltzarrean agerraldia
Eusko Ikaskuntzak parte hartu du etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruzko akordioaren oinarriak zehazteko
Irratsaioa
Elkarrizketa. Beatriz Akizu, Nora Salbotx, Hur Gorostiaga
Urteko Galdera 2020-2021
XXI. mendeko Euskal Herriak, nolako hezkuntza sistema behar du?
Solasaldiak
dokumentazioa
![]() | Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzenForoaren emaitza txostena | |
![]() | Euskal hezkuntza sistema, etorkizuna elkarrekin lantzenGazteen ahotsa eta azpimarra | |
![]() | Euskal hezkuntza sistema, etorkizuna elkarrekin lantzenIparraldeko ahotsa eta azpimarra | |
![]() | Hizkuntza eta kultura, plan integral baterantzEzagutzaren garapena komunitate eleaniztun eta kulturaniztun batean | |
![]() | Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatuaErronkak kudeatzeko proposamenak | |
![]() | Hizkuntza eta kultura politikak: non egiten dute bat, non oztopatzen dute elkar?Iratxe Retolaza (Emagin, UEU) |
PROIEKTU KUDEATZAILEA:
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: