Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen

Egun, euskalgintzaren eta euskararen biziberritzearen jardunean krisi aktiboa dei genezakeenaren unea bizitzen ari gara. Eragileen artean berritu beharraren ikuspegia eta diskurtsoa zabaltzen ari da indarrez, ziklo bat amaitu eta beste ziklo berriari ekitearen beharraz hitz egiten da. Norabide horretan, iniziatiba ugari agertzen ari da, eragileen ekimenetan, gizarte erakundeetan, maila instituzionalean edota, neurri batean, arlo politikoan.

Testuinguru horretan kokatzen da Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5) goiburuaren/proiektuaren inguruan egituratutako Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren Euskararen Atala.

Gure hizkuntza komunitatearen etorkizuneko eszenario horiei forma emateko prozesu bat proposatzen dizuegu.

Eremu tematikoak
Euskararen etorkizuna
Kategoria
Hausnarketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2016-01-01-2018-12-31

 

Sarrera

Euskalgintzaren garai berri honetan agertu diren erronkentzako erantzun eta irtenbide berriak asmatu behar ditugu. Diziplina arteko elkarlana funtsezkoa dela ikusi dugu hizkuntzen biziberritzean. Edozein delarik hautatzen dugun bidea, orain arte euskararen alde egindako lan-eskergari jarraipena eman behar zaio, ekintzailetza berpiztuz eta euskal komunitatea trinkotuz.

helburuak

e5 egitasmoa  Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrena eta XVIII. Kongresuaren baitan txertatzen den egitasmoa da.

Bere helburu nagusia Datozen hamarkadetarako euskalgintzaren aro berria konfiguratzen laguntzea da. 

Horretarako, hiru azpi-helburu landuko dira: 

  • Gizarte-eraldaketarako praxia bultzatzen lagunduko duen marko interpretatibo berria lantzea, euskaraz garatu nahi duen euskal komunitatearen kapitalen analisietan oinarritua.
  • Komunitatearen kapital horietan oinarrituta, etorkizunerako amestutako eszenarioen konstelazioa irudikatzea.
  • Desiratutako Eszenarioen Konstelazio horretara iristeko bide-orriaren arkitektura lantzea, ezagutza eta praktika mailako ekarpen anitzak jasoz.

Abiapuntuzko indar-ideia nagusiak

Hizkuntza normalkuntza gisa izendatu izan den prozesua, eraldaketa prozesua da, gizarte aldaketarekin lotzen den komunitatearen praxi soziala. Praxi hori, aldakorra den gizartearen botere eta elkarrekintzazko egituretan eta espazioetan gorpuzten eta gauzatzen da, eta, aldi berean, gizarte-egituretan berrikuntzak eta aldaketak eragiten dituen praxia ere ba da. Hori horrela ulertuta, e5 Proiektua ondoko indar-ideia nagusi hauetan oinarritzen da:

  • Konplexutasuna. Egungo gizartea errealitate sistemikoa eta konplexua da.
  • Polizentrismoa. Gizarte indarrak anitzak dira, polizentrikoak.
  • Sinkronizazioa. Konplexutasunean, bateratasun uniformeak baino, heterogeneidadeen sinkronizazioak har dezake balioa.
  • Komunitatea. Fokua ez da euskararen egoeran jartzen, euskaraz garatu nahi duen komunitatean baizik. Bere egungo baliabide eta etorkizuneko proiekzioetan. 

Eredu metodologikoa

Arakatze apreziatiboaren ikuspegian oinarritutako eraldaketa-hausnarketa.

Sistemaren muin positiboan zentratzen den arakatze eta eraikitze prozesu kolaboratzailea, dauden indarrak apreziatuz eta balioan jarriz.

  1. JABETU (baloratu): Komunitatearen Kapitalen Analisia
    Kapitala: “baliabide gehiago ekoizteko gai den beste edozein baliabide mota” (Flora et al., 2014).
    Aktiboak identifikatzea eta proiektatzea, indar eta aukera gisa.
  2. AMETS EGIN (imaginatu): Etorkizuneko Eszenario Partehartzaileak
    Amestutako etorkizunaren irudikatze kualitatiboa.
    Eszenarioen konstelazioa.
  3. DISEINATU (modelatu): Arkitektura estrategikoa
    Eszenarioen Konstelaziora norabidetzea.
  4. ERAIKI (hedatu)

Kontzeptuen definizioa

  • Komunitatea. Kontzeptu konplexu eta multidimensionala. Garapen komunitarioaren ikuspuntu batetik (Eito eta Gomez, 2013; Hillery, 1955; Marchione, 2004), komunitatea giza-talde bat da, espazio/lurraldea, ezaugarri kolektiboak, harremanak eta interakzio pautak partekatzen dituena, eta bere garapenerako hainbat baliabide eta bere baitatik sortzen diren hainbat nahikunde eta demanda partekatuak ere badituena.
  • Euskal Komunitatea. Bere gizarte garapenerako eta sozializaziorako perspektiban, eta hizkuntza aniztasunaren testuinguruan, lurraldeko hizkuntzarekiko (euskararekiko) identifikazioa, sentimenduak, eta jarrera eta portaera aktibo eta positibo komunak partekatzen dituen komunitatea (Hernandez, 2008; Kasares, 2012, 2015; Tejerina, 1992).
  • Komunitatearen Kapitala. Komunitateak bere garapenean etorkizuneko helburuak erdiesteko sortu edota eskura dituen aktiboen (baliabideen) multzoa da.
  • Aktiboak. Emaitza berriak sortze aldera gara-indarra eduki dezaketen baliabideak dira. Aktibo horiek ahalbide berriak agerrarazteko baliatzen direnean, kapital bihurtzen dira. Kapitalen aktiboak izan daitezke ukigarriak (eraikinak, diru baliabideak, argitalpenak...) edo ez-ukigarriak (sare sozialak, lidergo ahalmenak, eragin politikoa...). Aktibo horiek areagotu edo agortu daitezke. Esate baterako, giza-kapitalaren alorrean pertsonen hizkuntza-lidergoak indartzeko inbertsioa egiteak ekar dezake gero pertsona horien gaitasunak eta ahalmenak areagotzea (giza-kapitala), pertsona horiek gizarte sare berriak sustatzea (gizarte kapitala), edo jardun politikoan eragitea eta hizkuntza politikak bultzatzea (kapital politikoa). Aitzitik, aktiboak agortzen direnean, ez dituzte baliabide edota ahalbide berriak sortarazten.

Erreferentziazko Komunitate-kapitalen eredua

Proiektu honetan kapitalen analisirako proposatzen den erreferentziazko eredua, Emery, Fey eta Cornelia (2006) egileek komunitatearen aldaketa positiborako landutako Community Capitals Framework ereduaren egokitzapena da. Ondoko irudian agertzen dena.

  • Giza kapitalak jendearen abileziak eta gaitasunak hartzen ditu bere baitan, baita gure ezagutzak eta oparotasuna areagotzeko kanpoko baliabideak eta jakinduria-esparru ezberdinak lortzeko abilezia ere. (Atxikimendua, Hiztunak, Gaitasuna, Ezagutza, Lidergoak…).
  • Kapital sozialak jendearen eta erakundeareen arteko elkarrekintzak aztertzen ditu, “gauzak eginarazten dituen itsasgarri soziala” da. (Erakundetzea, Nahikundea, Saretzea, Ekintzailetza, Zeharlerrokotasuna…).
  • (Azpi)egitura kapitalak komunitatea sostengatzen duten egituren, tresna eta baliabideekin du zerikusia. Azpiegitura kapitala sarri askotan komunitatearen garapenerako saiakeren ondorioa da. (Lurralde antolaketa, Hedabideak, Hezkuntza…).
  • Kapital ekonomikoari dagokionez, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak komunitatearen garapenean inbertitzea eta komunitatearen beharretarako ez dauden baliabide ekonomikoak lortzea litzateke. (Euskararen BPG ekonomian).
  • Kapital politikoak komunitateak boterea bereganatzeko edo bertan eragiteko gaitasuna adierazten du, “agendan eragin eta inposatzeko boterea”. (Lege-babesa, Erakundetzea, Ideologia-diskurtsoa…).
  • Kapital kulturalak jendeak “mundua ezagutzeko” moduan garatu dituen baliabideak.  Talde horren barnean sustraitutako ohiturak, ikuspegiak, baloreak, ondarea, produkzioak. (Sinbolikoa, Nortasuna, Arnasguneak, Balioak, Ondarea, Ekimenak).​

Kronograma

Proiektua, 2018ko azaroan burutuko den Eusko Ikaskuntzaren Mendeurren eta XVIII. Kongresuari begira egituratu da, 2017 eta 2018 zehar egindako hiru Mintegiren bidez.

GAUZATUTAKO EKIMENAK

e5 proiektuaren 1. Mintegia (2017.06.02)

Lehen Mintegia pasa den ekainean izan zen Gasteizen (jabetu eta baloratu). Bertan proiektua azaltzearekin batera, proposatutako eredua balidatzeko eta ekarpenak jasotzeko Kontraste-elkarrizketak gauzatu ziren, eta Komunitatearen Kapitalen Mapa lantzeko lehen Tailer Apreziatiboa ere bideratu zen. 

Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako agintari, erakundeetako ordezkari, diziplina anitzeko eragile eta pertsonak bildu ziren lehen mintegian. 

2017.06.02 e5 egitasmoaren aurkezpen mintegia

Komunitatearen Kapitalen Mapa osatzeko Delphia (2017.11-12)

Mintegiaren ondoren, eta bertan egindako lehen talde-hausnarketari segida emanez, mintegian parte hartu edota interesa adierazi zuten pertsonei aditu gisako ekarpen pertsonala eskatu zaie Delphi moduko galdetegi baten bidez, honako helburuekin: Komunitatearen Kapitalen Mapeoari buruz Mintegian jasotakoetan sakontzeko, eta, proiektuaren 2. Mintegiari begira oinarri-materialak prestatzeko. 

Halaber, Komunitatearen Kapitalen Mapa osatuko duten zenbait eredu jaso nahi izan ditugu Euskonews aldizkariko 725. zenbakian.

e5 proiektuaren 2. Mintegia (2018.02.23)​

Bigarren mintegia (imaginatu) otsailaren 23an egin da Gasteizen. Mintegi horretan, Kapitalen Maparen emaitzak azaldu eta Etorkizuneko Eszenarioen konstelazioa lantzen hasi da.

2017ko ekainaren 2ko lehen mintegiaren eta ondoren luzatu zen delphiaren emaitzei esker osatu dugu Euskaraz Garatu Nahi Duen Komunitatearen Egungo Aktiboen Mapa. Euskaraz garatu nahi duen komunitatearen egungo aktiboen mapa horretatik abiatuta, Etorkizuneko Eszenarioen konstelazioak landu dira sorkuntza tailer batean. 

Irudikatze horren emaitzak hurrengo argazki bilduman daude ikusgai.

2018.02.23 e5 egitasmoaren 2. mintegia

Etorkizuna edo fokua 2040. urtea jarrita, mintegiko parte hartzaileak komunitate-kapital bakoitzeko aktibo nagusiak identifikatu ditu.

Amestutako etorkizunaren iruditzake kolektibo horretan erakundeetako ordezkariak, euskalgintzako eragileak, irakasleak zein ikasleak parte hartu dute.

Bigarren mintegi honen ekintzak bideo labur batean jaso dira.

​Amestutako eszenarioak osatzeko Delphia (2018.04)

Etorkizuneko Eszenarioen konstelazioan sakontzeko apirilean zabaldu da bigarren galdetegia.

e5 proiektuaren 3. Mintegia (2018.06.08)

Hirugarren mintegia (modelatu) ekainaren 8an egin da Gasteizen.

Mintegiaren helburua, euskaraz garatu nahi duen komunitateak 2040. urterako irudikatutako Etorkizuneko Eszenarioen Konstelaziora heltzeko, Arkitektura Estrategikoa diseinatzen hastea izan da.

Arkitektura Estragikorako ekinbide gakoak identifikatzen eta proposatzen aritu ziren mintegian bildutako partaideak.

e5 egitasmoaren 3. mintegia

Mintegi honetan ere, urriak 19an izango den Kongresu saioa gorpuzteko, proposamenak jasotzeko aukera izan zen.

HURRENGO EKIMENAK

e5 proiektuaren 4. Mintegia (2018.10.19)

Azkenik, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren ekitaldiaren baitan, arloaren Kongresu-ekitaldia burutuko da (diseinatu eta eraiki). Bertan, prozesuan zehar egindako hausnarketa eta analisien emaitzak azalduko dira, arkitektura estrategikorako ekarpenen komunikazioak eta aurkezpenak egingo dira eta geroko eraikuntzarako ondorioak eta proposamenak jasoko dira

Informazio gehiago Kongresuaren atalean.

Dokumentazioa

           
             

Proiektua nori dago zuzendua?

  • Euskalgintzari, eragileei
  • Erakunde publikoei, herri aginteei
  • Gizarte mugimenduari
  • Interesa duen edonori, oro har.

 

Zurekin kontatu nahi dugu 2018ko urriaren 19ko Eusko Ikaskuntzaren Kongresu tematikoan amaituko den prozesu eraikitzaile eta partehartzaile honetan. 

 

laguntzailea