'Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz' sekuentzia didaktikoak

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak ETB-ren “Tribuaren Berbak” saioan oinarrituriko “Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz” sekuentzia didaktikoak aurkeztu ditu.

Eremu tematikoak
Euskararen etorkizuna
Kategoria
Zabalkundea
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2016-10-19-2021-10-19

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak ETB-ren “Tribuaren Berbak” saioan oinarrituriko “Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz” sekuentzia didaktikoak aurkeztu ditu.

Batetik bi hizkuntza ofizialen erabilera sozialaren desoreka konpentsatzeko, euskarak lehentasunezko tratua behar duela kontutan hartuz; eta, bestetik, soziolinguistika lantzeko material gutxi dagoela ikusita, ETB1eko “Tribuaren Berbak” programan landutako edukiak DBH mailako material didaktiko osagarri gisa lantzeko egitasmoa garatu dute.

Egitasmoa, Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoaren markoan, Eusko Jaurlaritzaren EIMA 2.0 Ikasmaterial digitalak argitaratzeko programari esker garatu ahal izan da, Soziolinguistika Klusterraren aholkularitzarekin.

HELBURUAK

  • Euskarari eta Euskal Herriko eleaniztasunari buruzko oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa ematea.
  • Ikaslearen bizi inguruneko errealitate soziolinguistikoa ikuspegi kritikoz interpretatzea eta hizkuntza aniztasunaren inguruko balioak sustatzea.
  • Beste ikasleekin elkar eraginez, hausnartuz eta eztabaidatuz, ahozko ekoizpena lantzea eta ikus-entzunezko baliabideak eta teknologia berriek eskaintzen duten informazioa erabiltzea.
  • Euskararen bilakaera historikoa ezagutaraztea, gaur egungo egoera soziolinguistikoa eta norberaren eta inguruko errealitate soziolinguistikoa interpretatzeko bideak eskaintzea.
  • Euskararen aldaerak, euskalkiak, ondare linguistikoa, eta hizkuntzaren bilakaera ezagutzea eta prestigiatzea, ikasleen autoestima linguistikoa eta hobekuntzarako jarrera sustatzea.
  • Hizkuntzaren bilakaeran eta egoeran eragiten duten faktore garrantzitsuenak ezagutzea eta hizkuntzaren normalizazioaren aldeko erakunde eta ekimen nagusiak ezagutaraztea.
  • Maila indibidualean ikasle bakoitzak euskararen alde egin dezakeena azaldu eta erabileraren aldeko jarrerak eta praktikak bultzatzea.
  • Edukien ebaluaziorako irizpideak zehaztea.

Sekuentzia didaktikoak

Sekuentzia bakoitzean gai bat jorratzen da, eta ikasleei helburu komunikatibo bat planteatzen zaie. 

Gaiak lantzerakoan, sekuentzia didaktiko bakoitzean ikasleentzako jarduerak, lan koadernoak eta irakasleen gidak jasotzen dira. 

Materiala hiru ataletan jasotzen da:

  • Sekuentziak atala: 10 sekuentzia didaktiko osatutako atala, bakoitzean hainbat jarduera proposatzen dira eta jarduera horietako hainbatetan “tribuaren atalak” saioko bideoak daude ikusgai. 
  • Lan-koadernoak atala: sekuentzia didaktiko bakoitzak lan-koaderno bat du.
  • Gida-didaktikoak atala: irakasleentzako gidak, jarduerak gauzatzeko azalpenak eta informazio osagarria eskaintzen ditu.

Landuko diren oinarrizko gaitasunak

  • Komunikazio-konpetentzia eta konpetentzia digitala: Komunikatzen jakitea.
  • Gizarterako konpetentzia: Elkarrekin bizitzen jakitea.
  • Ikasten ikasteko konpetentzia: pentsatzen jakitea eta ikastea.
  • Norberaren ekimenerako konpetentzia: egiten eta ekimenez jokatzen jakitea.
  • Gizarterako konpetentzia: elkarrekin bizitzen jakitea.

Lan taldea

  • Zuzendaria: Kike Amonarriz.
  • Sekuentzia didaktikoen koordinazioa eta lanketa: Iñaki Zapirain Retegi.
  • Aholkulari metodologikoa: Josune Zabala, Soziolinguistika Klusterrreko teknikaria.
  • Alderdi teknikoa: Asmoz Fundazioa.

Informazio gehiago