2016/11/10

Zerainek nazioarteko adituak erakartzen ditu herri txikien etorkizunaz hausnartzeko

Komunitate bizitza, kultura eta landa garapena etziko herri txikietan izango da solasgaia, Eusko Ikaskuntzak eta ZerainLabek bultzatutako nazioarteko kongresuan

Azaroaren 17tik 19ra bitartean Zeraingo herrian landa eremuko herri txikien garapenaz, ezaugarri bereziez eta etorkizunaz hausnartuko da. Herri txikien komunitate harremanak, ingurunearekiko harreman jasangarriak eta ekonomia garapenerako eredu berritzaileak aztertzeko abagunea emango du kongresu honek. 

Kongresuak Europako eredu erreferenteak nahiz Euskal Herri mailako esperientzia anitzak jasoko ditu. Halaber, teoria praxiarekin tartekatuko ditu. Modulu teorikoan, komunitate bizitzaren sustrai bereziak eta etorkizuneko erronkak izango dira eztabaidagai, bai eta landa-garapenerako eredu berriak ere. Modulu praktikoan, aldiz, herrigintzan ari diren hainbat ekimenen berri izango dira, elkar-ezagutu eta etorkizunean balizko aliantzak sor daitezen.

Euskara, ingelesa eta gaztelania erabiliko da kongresuan, baina aldi bereko interpretazio zerbitzua eskainiko da (euskarara eta gaztelaniara).

Topaketa Eusko Ikaskuntzak eta ZerainLab esperimentazio guneak antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Gainera, auzolana aztergaia izango delarik, azpimarratu beharra dago herriak berak praktikan jarri nahi izan duela eta 50 bat lagun lanerako mobilizatu direla.

Kongresuko saioak irekiak daude interesa izan dezakeen edonori Eusko Ikaskuntzaren web orrian (www.eusko-ikaskuntza.eus) izena emanez azaroaren 15a baino lehen. 

 

Komunitate bizitza eta landa garapena, etorkizunari so eginez

Ostegunean, azaroak 17, kongresuari hasiera emango zaio agientarien arteko mahai-inguruarekin. Bertan, landa garapenaren eremuan administrazio publikoaren ikuspegia eta politika zehatzak partekatu dituzte.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Diputatua; Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria; eta Mixel Etchebeste, Xiberoa Herri Alkargoaren Lehendakariordea, izango dira bertan. 

Ostiralean, azaroak 18, irekiera ekitaldia ospatuko da Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Loli González, ZerainLabeko Lehendakaria, eta Iñaki Dorronsororen, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariaren, eskuetatik.

Jarraian, XXI. mendeko komunitate bizitzaz arituko dira lehenengo orduan. Jon Sarasua (Mondragon Unibertsitatea), Enrique Ayerbe (Elkarbizi elkartea), eta Joseba Azkarraga Etxagibel (Euskal Herriko Unibertsitatea) erroetako usadio eta kulturetaz arituko dira, bai zein zeharkako ikuspegi edo subsidiaritate printzipio eta ekologiaz, besteak beste.

Ondoren, landa garapenaren erronketan sartuko dira bete-betean. Gaizka Aranguren (Kazetaria eta Labrit Ondarea Zuzendaria) ondare materiagabearen kudeaketa, imaginario kolektiboen osasuna eta garapen lokala izango du hizpide; Mixel Berhokorigoin (Euskal Herriko Laborantza Ganbara), herri txikiek egun dute lekuaz arituko da; Miren Urkixok (Euskal Herriko Unibertsitatea), herri-mugikortasunean, generoan eta garapenean jarriko du begirada; eta Jaime Izquierdo Vallinak (Idazlea eta Espainiako Mendi Udalerrien Elkarteko Aholkularitza Batzordeko koordinatzailea) herrira nola itzul daitekeen atzera egin gabe azalduko du.

Goizeko saioari itxiera emateko, Europako bi kasu nabarmen aurkeztuko dira: Deirdre O’Connor (UCD School of Agriculture and Food Science) landa testuinguru batetan herri laborantza garatzeak dakarren aukera eta arriskuetaz arituko da; eta Tobias Schulz (Swiss Federal Institute for Forest, Snow and Landascape Research) baserrietako komunitate garapenaz solastuko da horretarako Suitzako udalerrietan egindako ikerketa baten inguruko gogoetak plazaratuz. 

Jarraian, arratsaldeko saioa Euskal Herri osoko 15 praxi-esperientziekin elikatuko da, arteak, turismoa edota kultura bezalako eremuetan jorratutako eredu bereziekin.

Larunbatean, azaroak 19, kongresuari itxiera emango dion, etorkizuna irudikatzeko talde-dinamika burutuko da. Bertan, herri txikientzat zer etorkizuna nahiko genukeen adieraziko da, eszenario desiragarri horretara iristeko eman beharreko urratsak identifikatzen den bitartean.

Foroaren amaieran, eta kongresuan lortutako ondorioen baitan, Zeraingo Adierazpena idatzi eta gizarteratuko da. Halaber, bizilagunekin batera kongresua agurtzeko, festa giroan amaituko da herri bazkaria, bertso saioa eta dantzaldia ospatuz.

Zeraingo argazkiak jeitsi.

 

PRENTSAREKIN HARREMANAK
618 184 949 /  komunikazioa@eusko-ikaskuntza.eus

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp