Urriaren 31n amaitzen da Barandiaran Bekarako lanak aurkezteko epea

Bekak

2017/09/19

Urriaren 31n amaitzen da Barandiaran Bekarako lanak aurkezteko epea

Abian da 2017ko Barandiaran Beka. Aurtengoan arkeologiari begira antolatutako deialdia izango da, eta lanak aurkezteko azken eguna urriaren 31 izango da.

Parte hartu nahi dutenek, Gasteizko bulegora bidal ditzakete beren proposamenak (Pedro Asua 2, 2 solaiura, 60. Bulegoa, 01008, Gasteiz, Araba) edo posta elektroniko bidez: gasteiz@barandiaranfundazioa.eus

On Jose Miguel Barandiaranek urte asko eman zituen arkeologia lantzen, eta haren itzala oso luzea da Euskal Herriko indusketa arkeologikoen munduan. Hori dela eta, aurtengo deialdiak helburu garbi bat izango du. On Jose Miguel Barandiaranek abian jarri zituen ikerketa lanak egun nola dauden aztertzea, bitarte honetan egin diren indusketek eman dituzten fruituak ikertzea, hala nola Santimamiñe, Lezetxiki edo Urtiaga, aztarnategi batzuk aipatzearren.

Jose Miguel de Barandiaran Ikerketa Beka 2017

2016ko beka, garatzen

Pausoz  pauso, aurrera doaz Josu Ozaita eta Edurne Urresterazu ikertzaile gazteak, 2016 Barandiaran Beka irabazi ostean.

Hala, Arabako Errioxa ardoaren inguruan egiten ari diren ikerketaren harira, 10 egunez Burdeosen (Frantzia) ibili dira landa lana egiten. Lehenik eta behin, hiriburuko "Ardoaren hiria" museo ireki berrian izan ziren, munduko ardogintza, historia, lotura, harremanak, mundu ikuskerak... ezagutzen.

Ondorengo egunetan, Burdeosko eskualdetxo ezberdinetan ibili ziren, bertako mahastiak sentitu, historia eta lan egiteko moduak ezagutu, eta upategietako jabe eta langileekin berriketan arituz.

Esperientzia desberdinak, istorio anitzak eta diskurtso ugari bildu dituzte bertan, Araban jarraituko duten ikerketaren osagarri.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp