Oroimen historikorako belaunaldien arteko tailerrak ezin hobeki atera dira

Foroak eta mintegiak

2017/12/21

Oroimen historikorako belaunaldien arteko tailerrak ezin hobeki atera dira

Pasa den abenduaren 12 eta 18an Hernaniko BHIko ikasle talde bat Eguneko Zentroko nagusiekin elkartu zen herriko historiaz, emakumeen egoeraz eta gazteriaren gorabeherez hitz egiteko.

Oroimen historikoa modu ezberdin batean lantzeko helburuarekin Eusko Ikaskuntza eta Hernaniko Udala elkarlanean aritu dira beste behin. Izan ere, herriko Eguneko Zentroko nagusi talde bat eta DBHko laugarren mailako 15 ikasle elkartu zituzten abenduaren 12 eta 18an.

Lehenengo saioan, Txuso Gomez udal artxibariak Hernaniko historiaren azken ehun urteen errepasoa egin zuen; ondoren, partehartzaileek Gerrako Umeen Bilobak dokumentalaren laburpen bat ikusteko aukera izan zuten eta, bukatzeko, enpatia lantzeko talde dinamika bat burutu zen.

Bigarren saioan, nerabeak eta adineko pertsonak hiru talde mixtotan banatu ziren eta denek gai konkretu batzuen gainean hitz egin zuten, esperientziak partekatuz eta aldamenekoarengandik ikasiz. 

Esperientzia honen balorazioa ezin hobea izan da; izan ere, datorren urtean jarraitzeko asmoa dago, bai Hernanin bertan zein interesatuak egon litezkeen beste herrietan ere.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp