OndareBideak plataformak webgune berria estreinatu du

Proiektuak

2017/12/14

OndareBideak plataformak webgune berria estreinatu du

Diseinu berrituak irudiak jartzen ditu erdigunean.

Bi urteko ibilbidearen ostean, OndareBideak plataformak bere webgunea berritu du. Diseinu berri bat, non nabigagarritasuna, irudiak eta dokumentu eta koloreen arteko harremanak nagusi diren.

Webgunean aurki ditzakegun lau dokumentu motak (testuak, argazkiak, audioak eta bideoak) irudikatzen dituzten lau koloretako lau ikonoez osatutako logotipoa da proiektuaren irudi berria. Dagoeneko 40 euskal erakunde kulturalek bat egin dute proiektuarekin, 400.000 eduki digitaletik gora bertan zabalduz. Euskomedia Fundazioa, Soinuenea, Eresbil, Untzi Museoa, Euskal Filmategia edo Sancho el Sabio Fundazioa bezalako erreferentziazko erakundeek euren funtsak OndareBideak-en partekatzea erabaki dute.

Eduki horiek guztiak eskuragarri daude hiritarrentzat. Bilaketa sistema eleanitzari eta gehitutako filtroei esker, erabiltzaileek euskal kulturaren gaineko informazioa bilatu eta aurkitu ahal izango dute. Aldi berean, bere istorioak kontatzeko aukera ere izango dute, ibilbide birtualak sortuz. Plataforman dagoeneko 40 proposamen daude ikusgai, baina ziur hiritarrek aberastu edota berriak gehitu ahal izango dituztela. “Euskal zientzilariak”, “SelfAmorebieta” edo “Ricardo Darín y el cine vasco”  dira sortutako azken ibilbideetako batzuk. Zein da zurea?

Sartu OndareBideak plataforman eta deskubritu, gozatu eta partekatu gure kultura!

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp