Mari-Jose Azurmendi, Eusko Ikaskuntzaren Manuel  Lekuona Saria

Sariak

2018/09/18

Mari-Jose Azurmendi, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Soziolinguistikariak “euskararekiko duen konpromisoa eta hizkuntza normalizatzeko egindako ekarpen eskerga” nabarmendu du epaimahaiak.

Mari-Jose Azurmendik (Donostia, 1944) eskuratu du 2018ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. “Ibilbide profesional eta akademiko aparta izan du eta hizkuntzaren normalizazioa bere egin du, ekarpen joria eginez euskarari” azpimarratu du epaimahaiak. Hala, besteak beste, aitzindaria izan da soziolinguistika gaietan, eta psikosoziolinguistika deitua izan den jakintza-arloa garatzen ere. Han eta hemen ibilitako emakumea izan da eta, nazioarte mailan hizkuntzaren ikerketan egindako zabalkunde lana ezaguna da.

Bizitza oso bat irakaskuntza eta ikerketari eman dio eta, emakume aitzindaria izan da hainbat arlotan;Beasaingo Alkartasuna Lizeoko lehen emakume zuzendaria izan zen, bai eta UPV/EHUko katedradun izatera iritsi den lehen emakumetarikoa ere. 2000. urtean Soziolinguistika Klusterra Elkarteko bultzagile eta sortzailetako bat izan zen.

Irabazlearen hautaketan hiritarrek eta epaimahai instituzionalak parte hartu dute. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10a, eta falta den %60a epaimahai instituzionalaren esku geratu da. Epaimahai instituzionala kide hauek osatzen dute: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Fundazioa, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntza bera.

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zen Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko. Manuel Lekuona Saria jaso dute, besteak beste, Jorge Oteizak, Jose Miguel de Azaolak, Justo Garatek, Bernardo Estornesek, Carlos Santamariak, Jose Ignacio Tellechea Idigorasek, Jose Mª Jimeno Juriok, Eugene Goyhenechek, Micaela Portillak, Elias Amezagak, Menchu Galek, Antxon Aguirre Sorondok, Joan Mari Torrealdaik, Fermin Leizaolak edota Manuel Lekuonak berak. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.

Mari-Jose Azurmendi

Irakasle eta ikerlaria. 1968an irakasle lanetan hasi zen Beasaingo Alkartasuna Lizeoan, eta bertako lehen emakume zuzendaria izatera iritsi zen. Gerora, Donostiako Deustuko Unibertsitateko EUTGn aritu zen hamahiru urtez hainbat ikasgai irakasten, tartean Soziolinguistika gaiak, horretan aitzindaria izan zelarik. Jarraian, UPV/EHUko Psikologia Fakultatean 1983tik jubilatu zen arte. Unibertsitatean katedradun izatera iritsi den lehen emakumetarikoa, zortzi urtez izan zen zentro horretako dekanotzako kidea, euskara dekanorde gisa. 2011ean erretiroa hartu zuen, baina 2014ra arte irakasle emeritu moduan luzatu zuen bere bizitza akademikoa.

Quebec-eko Laval Unibertsitateko “Centre sur le Bilinguisme” irakasle gonbidatua eta 1980az geroztik zentro horren kidea izan da. Nevada-Renoko Unibertsitatean ere jardun du irakasle gonbidatu gisa.

Hizkuntzaren normalizazioaren gaia bere eginez, Mari-Jose Azurmendi bere ibilbide akademikoan eta militantean euskara erdigunean jartzen jakin izan duen zientzialaria izan da, soziolinguistikan, psikolinguistikan eta psikosoziolinguistikan egin dituen ekarpenengatik. Bereziki azpimarratzekoa da arlo honetan bultzatu duen ikerketa eta ezagutzaren berrikuntza Psikosoziolinguistika deitua izan den jakintza-arloa garatzeko egin duen aitzindaritza lanarekin. Zentzu horretan, aipatzekoa da izenburu bereko liburuaren argitalpena.

Soziolinguistika Klusterra Elkarteko bultzagile eta sortzailetako bat izan zen 2000. urtean. Klusterrak argitaratzen duen “BAT Soziolinguistika Aldizkari” aldizkari zientifiko espezializatuaren Argitalpen Batzordeko kidea ere izan zen, bai eta Zuzendaria ere sei urtez, 2001etik 2006ra bitartean. Beste hainbat erakunde zientifiko eta elkarteko kide ere bada, hala nola, Eusko Ikaskuntza, Kontseilua, Bagera, Orreaga.

2017an Donostiako Bagera Euskara Elkartearen omenaldia jaso zuen eta 2018ko ekaineko Eusko Ikaskuntzaren Batzar berezian, bazkide beteranoenen omenaldia Oñatin.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp