Landa-lana egin duen ikerlari bati esker ona

Sariak

2018/03/22

Landa-lana egin duen ikerlari bati esker ona

Txiki geratu zen Donostiako Miramar Jauregiko Errege Jangela, asko izan baitziren, martxoaren 22an, ostegunez, 2017ko Manuel Lekuona Saria Fermin Leizaola etnografoari emateko ekitaldira gerturatu nahi izan zutenak.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok adierazi zuenez, erakundearen mendeurrenean egindako lehen sari banaketa izan zen. Eta Fermin Leizaola bazkide zaharrenetako bat izanik, Lekuona Sariaren edizio honek esanahi berezia hartu zuen.

Erakunde, mundu akademiko, kultura eta gizarte alorretako ordezkari ugari izan ziren bertan. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Paco Etxeberria izan zen hitz egiten lehena, eta maisu bikain gisa definitu zuen Leizaola, alegia, irakasteaz gain motibatu egiten duen pertsona. Kualitate hori, Etxeberriaren ustez, “natura eta gertaera natural eta gizatiarren ezagutza sakonaren” ondorio da.

Eusko Ikaskuntzak argitaratu duen sarituaren bio-bibliografiaren egile Aitzpea Leizaolak ere laudatu zuen. Familiako oroitzapenak aitaren ikerlari ibilbidearekin nahastu zituen eta esaldi batean laburtu zuen ikerlaria: “Landa-lanaren apasionatua”. Bere lan nagusien artean Zaharkiñak (1989-2004) proiektua nabarmendu zuen, publikoki erakusteko ondare tradizionaleko milaka objektu biltzeko proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ondare higigarrien gaietako aholkulari gisa egindako lanarekin lotutako proiektua izan zen azken hori, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok gogorarazi zuenez.

Remigio Mendibururen eskultura eman baino lehen, Iñaki Dorronsorok Fermin Leizaolaz hitz egin zuen. “Bizitza guztia bideak zeharkatuz, kortetara jaitsiz, artzainekin elkarbizitzan pasa du, Euskal Herriko nekazal munduan nola bizi eta nola iraun den jasotzeko”, gogoratu zuen. Horrela, ahozko lekukotza eta material asko salbatu dira “ahanztura den heriotza handitik”.

Hunkituta eskertu zion saria Eusko Ikaskuntzari Leizaolak eta ikerketak posible egin dituzten informazio emaileez gogoratu zen: artzain eta artisauez.

Manuel Lekuona Saria 2017. Fermin Leizaola

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp