Hurrengo jarduera ildo nagusiak onartu zituen Batzar Nagusiak

Berri korporatiboak

2017/06/12

Hurrengo jarduera ildo nagusiak onartu zituen Batzar Nagusiak

Eusko Ikaskuntzaren urteroko Batzar Nagusia izan zen ekainaren 9an, ostiralez, Donostiako Miramar Jauregian. Batzarra bukatzean, Salvador Giner soziologoak hitzaldia eskaini zuen.

Iñaki Dorronsoro Lehendakariak, hasteko, Eusko Ikaskuntzaren egoera eta gertuko etorkizuneko aukerak aztertu zituen txosten baten bidez.

2016 urteko jarduera Memoriaren laburpena banatu zitzaien bazkideei eta datu ekonomikoekin batera, abenduaren 31ra bitartekoak laburbildu ziren. Bi puntuak onartu zituen batzarrak.

Jarraian, Iñaki Ibarra Zuzendari Nagusiak 2017 urterako jarduera plana eta aurrekontuak aurkeztu zituen. “Krisi eta birmoldaketatik garapenera, 2017-2020”, urteak sei ardatz edo lehentasun izango ditu:

  • Plan eta proiektu nagusiak garatu eta finantzatzea eta baliabideak egokitzea.
  • Eusko Ikaskuntza Euskal Herriko gizartean eta erakunde publikoetan, dagokion tokian jartzea.
  • Bazkide eta aliatu sarea sendotu eta zabaltzea.
  • Komunikazioa eta zabalpena indartzea.
  • Pertsonen garapena eta erakundearen egokitzapena.
  • Bestelako jarduera garrantzitsuak.

Puntu bakoitzaren eduki, helburu eta aurreikuspen konkretuak azaldu zituen Iñaki Ibarrak. Bozketak onartu egin zuen.

Galderen txandan mahaiari zenbait alderdi ekonomikori buruzko xehetasunak eskatu zitzaizkion eta Fuentes Documentales Medievales bildumaren etorkizunaz galdetu zen.

Batzar Nagusia bukatzean, Salvador Giner soziologoak hitzaldia eskaini zuen: "Construir Europa: el lugar de las naciones sin Estado". Bartzelona eta Pompeu i Fabra unibertsitateetako katedraduna “nazio” hitzaren esanahiaz aritu zen eta Europa barnean zein kanpoan dauden abertzaletasunen irakinaldiaz ere bai. Gainera, Estaturik gabeko nazioek Estatu bihurtzeko dituzten erronka nagusiez aritu zen, esaterako, immigrazioa edo teknologia berriek izan dezaketen eragina.

Salvador Ginerrek aretoari hitza eman zion eta eztabaida bizi batean, legezkotasun eta zilegitasunaren arteko mugak eta -egun hartan independentziarako galdeketa deituta zegoela eta- Kataluniako egoera politikoari buruzko galderak mahai-gaineratu ziren. 

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp