Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du

Mendeurrena

2018/06/19

Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du

Udalaren Bozeramaileen Batzordeak aho batez erabaki du Urrezko Domina ematea Eusko Ikaskuntzari bere Mendeurrenean, euskal kultura garatzeko egindako lana aitortuta eta hiriarekiko duen lotura kontuan hartuta.

Eusko Ikaskuntzak  Donostiako Urrezko Domina jasoko du. Hala erabaki du Udalaren Bozeramaileen Batzordeak aho batez, eta ezagutzera eman zen Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal-taldeetako bozeramaileek irakurri zuten komunikatuan. Bertan, azpimarratu zuten Eusko Ikaskuntzak egindako lanak euskal kultura garatzeko, eta 100 urteotan hiriarekin izan duen lotura.

Donostiako Udalak sari hau ematea erabaki du Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrena dela-eta. Donostian sortu zen Eusko Ikaskuntza 1918ko abenduaren 22an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek proposatuta. Eta helburua honakoa izan zen: euskal kultura hedatzea, ikertzea eta Euskal Herriko hainbat arazorentzako irtenbideako topatzea.

Nafarroako ordezkariek proposatuta, egoitza Donostian jartzea erabaki zuten, izan ere, "Euskal Herriko hiriburuen artean zentrikoena zen eta iristeko errazena zen. Eta horrela sortu zen erakunde hau, hain zuzen ere, euskal kulturaren modernitatearen hasiera ekarri zuen erakundea, eta egun 100 urteren ondoren Miramar Jauregian bere jarduera garatzen jarraitzen duen erakundea".

Eusko Ikaskuntzak euskal kulturari egindako ekarpena eta kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko lana izugarria izan da mende osoan zehar. Gaurko Euskal Herria ulertzeko oinarri sendoak ezarri ditu. Eta gainera, elkarte honek hasieratik izan du Donostiako Udalaren laguntza. Hala, donostiar asko izan da Eusko Ikaskuntzaren bidelagun, eta Udala bazkidea da hasiera- hasieratik, eta elkarteak berak garatutako hainbat jarduera hartu eta babestu ditu. 

Eusko Ikaskuntzak meritu asko ditu, eta horien artean honakoa dago: Euskaltzaindia Euskararen Akademia sortzeko bilera eta lan guztiak egitea -ikastolen sorreran aitzindari izan ziren Miguel de Muñoa eta Elbira Zipitria elkartearen bazkide izan ziren-.

Halaber, Foru Aldundiaren egoitzan Euskal Liburutegia ezarri zuen, eta bertatik bi lan ildo ezarri zituen: Euskal Unibertsitatea eta autonomia politikoa. Horrenbestez, 1927an Donostian Unibertsitate mailako Udako Ikastaroak hasi zituen, eta Euskal Unibertsitatearen lehendabiziko urratsak egiten hasi zen 1932ean, Donostiako Ikasketa zientifikoen zentroa sortuz. 

Gainera, Eusko Ikaskuntzak, besteak beste, sustatu zuen euskarazko antzerkia, eta esfortzu handia egin zuen emakumeak kulturaren eta zientziaren arloan barneratzeko.

Gerra Zibilak eta diktadura frankistak eten zuten Eusko Ikaskuntzaren ibilbidea eta debekua ezarri zioten bere jarduerari. Behin diktadura amaituta, Eusko Ikaskuntzak 1978ean lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, eta Donostiako egoitza euskal ikaskuntzen eta ikerketen gune bihurtzeko erabakia hartu zuen. Ordutik hona, Eusko Ikaskuntza gure herriaren historia kulturalean mugarri izan diren gertaera askoren eragile izan da, eta horien lekuko izan dira Donostia eta donostiarrak.

Urrezko Domina

1926ko apirilaren 12an adostuta sortua
1926ko ekainaren 7ko Udalbatzan onartua

  • 2013-08-30 Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
  • 2011-01-29 Onkologikoa
  • 2009-12-01 Mikel Laboa (hil ostean)
  • 2008-06-21 Club Atlético de San Sebastián
  • 2005-09-10 Aranzadi
  • 2003-01-30 Terrorismoaren biktimak
  • 2000-07-18 Pedro Miguel Etxenike Landiribar
  • 1998-07-22 Real Sociedad de Fútbol
  • 1995-02-13 Gregorio Ordoñez Fenollar (hil ostean)
  • 1994-07-29 Juan María Arzak Arratibel
  • 1992-08-10 Eduardo Chillida
  • 1990-01-16 José Miguel Barandiaran Ayerbe
  • 1986-06-24 Nicanor Zabaleta Zola
  • 1984-04-12 Gipuzkoako Sozietate Ozeanografikoa
  • 1975-03-21 Donostiako Aurrezki Kutxa
  • 1969-08-29 Federico Silva Muñoz
  • 1963-05-04 Gipuzkoako Foru Aldundia
  • 1963-09-05 Koruko Andra Mari
  • 1949-05-18 Nuestra Sra. del Pilar
  • 1939-06-28 Francisco Franco (2002ko azaroaren 29an, EAJ-PNVk eskatu zuen domina itzultzeko, baina eskaera ez da bete)
  • 1932-10-16 Donostiako Orfeoia
  • 1927-03-07 José Elósegui
  • 1926-09-06 Victoria Eugenia Erregina
  • 1926-09-06 Alfonso XIII Erregea
  • 1926-08-11 María Cristina Erregina
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp