Euskararen inguruan adostasunen bila Iruñean

Proiektuak

2017/03/20

Euskararen inguruan adostasunen bila Iruñean

Iruñeko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak akordio bat sinatu dute Iruñeko herritarren artean euskararen inguruko adostasun berrituak bilatzen laguntzeko asmoa duen azterketa enpiriko bat egiteko.

Iruñeko Udalarentzat, euskara “udalerriko bi hizkuntza propioetako bat da”, herritarren “ondare kulturala”, “irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duenak”, eta “sustapena” (Ordenantza, Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen duena, 1997ko irailaren 16koa), Nafarroako Euskararen Legeak (18/1986 Foru Legea. Abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa) ere modu beretsuan jasotzen duenez.

Aldi berean, Iruñeko herritarrek euskararen erabileraren eta bere sustapenaren inguruan sentsibilitate, nahi eta portaera desberdinak dituzte eta euskarari buruzko gaiak maiz eztabaidatsuak izaten dira hirian.

Hori guztia kontuan hartuta, Iruñeko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak akordio bat egin dute Iruñeko herritarren artean (euskaldunak, erdaldunak, zein denak batera) euskararen inguruko adostasun berrituak (printzipioak, jardueren irizpideak…) bilatzen laguntzeko asmoa duen azterketa enpiriko bat egiteko. Azterketak pertsona esanguratsuen arteko Foro anitz baten forma hartuko du: “Euskarari buruzko Iruñeko Foro askotarikoa”.

Foroaren prozesuak bi saio izango ditu, hiru asteko tartearekin batetik bestera, eta parte-hartzaileek , hogei inguru, bi saioetan parte hartzeko konpromisoa hartuko dute.

  • 1. saioa: 2017ko apirilaren 28a, ostirala, arratsaldez.
  • 2. saioa: 2017ko maiatzaren 19a, ostirala, arratsaldez.

Aurrerago, saioen berri emango da webgunean.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp