Erakundeen arteko berrikuntza, mugaz gaindi

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2017/03/22

Erakundeen arteko berrikuntza, mugaz gaindi

Martxoaren 21ean Eusko Ikaskuntzak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin batera, eta Koldo Mitxelena Kulturunearekin lankidetzan, “Innobasqueren Astearte”etako saio berria antolatu zuten Donostian.

Elkarlaneko berrikuntza-ekimenak azaltze aldera, eta Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea sortu berri den testuinguruan, hasiera eman zioten “Mugaz gaindiko berrikuntza” jardunaldiari. 

Saioari hasiera emateko Txema Villatek, Innobasqueko zuzendari nagusiak, hitza Iker Goiriari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia, eman zion, egun zertan dauden eta norantz lanean aritu nahi diren azaldu zuenak. Ondoren, Iñaki Dorronsorok, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, erakundearen lana eta konpromisoa lurraldeen arteko zubilana egiten eta ekimenak bultzatzen azaldu zituen. Halaber, azpimarratu zuen, egun Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian ofizialki hedatuta dagoen diziplinarteko zientzia-erakunde bakarra dela Eusko Ikaskuntza. 

Jarraian, Xabier Hualde, Akitania-Euskadi-Nafarroa Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeko Enplegu, Unibertsitate eta Lanbide Heziketako proiektuen kudeatzailea, sortu berri diren aukeretaz solastu zen. Euroeskualdearen estrategia garatzeko europar programak, proiektu eta lankidetza estrategikoetarako deialdiak egiten direla gogorarazi zuen eta, eremu horretan, tresnarik erabilienetako bat POCTEFAk dira, lurralde-lankidetzarako europar programak, euroeskualdean lurralde mugakideen garapen adimenduna, iraunkorra eta integratzailea sustatzen dutenak. 
Proiektuen azalpenetan sartuta, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak azaldu zuen nola “Competitv´eko”k berpizten duen ETEen lehiakortasuna mugaz gaindiko lankidetzaren bidez, kluster, teknologiazentro eta garapen ekonomikorako agentzien inplikazioarekin. 

Bestalde, Bidasoa Activa-k Connect Innovation Bai!-n sakondu zuen, horren helburua euroeskualdeko enpresak espezializazio adimendunaren estrategiarekin konektatzea eta Laugarren Industria Iraultzan sartzea delarik. Hor partaide dira Irungo Udala, Bidasoa Activa, Agglomération Sud Pays Basque, Mondragon Unibertsitatea, ESTIA eta Gaia. 

Horri dagokionez, Transfond3D proiektuan dago Tecnalia, eta zera bilatzen du: mugaren bi aldeetako enpresa handi eta txikiek, teknologia-zentro eta unibertsitateek, elkarlanean, balio erantsi handiko piezak ekoiztea, fabrikazio gehigarriko prozesuen bidez. Honela, espezializazio adimenduneko euskal estrategia fabrikazio gehigarriko “Addimatech/Addimadour” plataforma teknologikoarekin konektatzen da, hor enpresa garrantzitsu eta oso berritzaileak ari direlarik parte hartzen: Dassault, Safram, Akira, etab. 

Bestalde, Innosasun Programa, BIOEF-Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioak sustatua, enpresa-sektorearentzako laguntza-mekanismoa da, osasunsistemaren lankidetza behar baitu bere I+G+b jardueretarako. Honela, mugaz gaindiko REFBIO2 proiektuan, Innosasun esperientzia mugaz gaindiko sare batera aldatzen da lankidetza publiko-pribatua, ezagutzaren transferentzia eta emaitzen ustiapena bultzatzeko. 

Halaber, Azaro Fundazioa TrasferINN-en murgilduta dago, eta proiektu honen helburua da mugaz gaindiko eremua EBko eskualderik aurreratuenetara hurbil dadin laguntzea. Helburua da berrikuntzako ekosistema bat sortzea, unibertsitateen, teknologiazentroen, laborategien, ETEen eta ekintzaileen artean ezagutzaren transferentzia ahalbidetuko duena elkarlaneko proiektuak garatzeko.

Azkenik, Tknikak Lanbide Heziketako Mugaz Gaindiko Campusa eman zuen ezagutzera, eta horri esker 6 enpresa berri sortu dira, 20 ikaslek hartu dute parte eta 3 kalitate-sistema aztertu dira. 

2017.03.21 "Mugaz Gaindiko Berrikuntza" jardunaldia

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp