Eman ezazu izena Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/09/11

Eman ezazu izena Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan

Geroa Elkar-Ekin lematzat hartuta, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua izango da urriaren 5etik azaroaren 23ra, Baiona, Gasteiz, Iruñea, Bilbo, Donostia eta Oñatin. Izen-emate epea zabalik dago. Saio guztietan eman daiteke izena edo interesgarrien zaizkigun horietan bakarrik.  

Programa bost alor handitan egituratuko da, 2015etik Eusko Ikaskuntza lantzen ari den bost proiektuei dagozkien alorrak, gehi itxiera eta ondorio saio bat. Liburu Zuria izango da abiapuntua, bertan jasotzen baitira alorretako bakoitzean planteatzen diren oinarri eta eszenatoki posibleak.

Kongresua Baionan hasiko da urriaren 5ean. Bertan aurkeztuko dira, mende honen erdialdeari begira, euskal gizartearen etorkizunari buruz egindako lanaren emaitzak (ikus programa: Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea). 

Euskara izango da kongresuko gai nagusia urriaren 19an, Gasteizen. Hurrengo hamarkadetan euskalgintzaren errealitate berria osatzen laguntzea du helburu e5: Euskararen Etorkizuneko Eszenatokiak Elkarrekin Eraikitzen proiektuak.

Urriaren 26an, Iruñean, Gizartea: aniztasuna eta kohesioa izeneko saioa izango da. Mundu globalizatu eta digitalean euskal gizartearen aniztasuna, elkarbizitza eta kohesioa indartzera bideratu dira gogoetak.

Azaleratzen ari diren eredu sozioekonomiko eta enpresa ereduak aztertzea eta proposamen konstruktiboak egitea gure etorkizuneko erronka handien inguruan: hori da Garapen sozioekonomikoaren proiektuaren helburua eta azaroaren 9an izango da kongresua, Bilbon.

Azkenik, Gobernantza Demokratikoari buruzko saioa Donostian izango da azaroaren 16an, eta, bertan, Euskal Herriko lurraldeen arteko kohesioa eta gobernantza eredu berriei buruzko proposamenak zehaztuko dira.

Bost saio horietako emaitzek Oñatiko saioan bat egingo dute, azaroaren 23an, ostiralez, eta Kongresuko emaitza nagusiak aurkeztuko dira bertan. Eta bukatzeko, azaroaren 24an Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatuko da. 

 

Dagoeneko izena eman baduzu, ez duzu zertan berriro eman.

 


Erronka garbiaEusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua ingurugiroarekiko ekitaldi jasangarria da. Diseinuan eta antolaketan ingurumen-neurriak hartu ditugu eta horien ondorioz ekitaldiak ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak gutxitzen dira.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp