Ekainaren 9an euskal gizarteak bere ekarpenak egin ahal izango dizkio autogobernuaren dokumentuari

Foroak eta mintegiak

2018/05/30

Ekainaren 9an euskal gizarteak bere ekarpenak egin ahal izango dizkio autogobernuaren dokumentuari

Saio bakarra ospatuko da Bilbon, Donostian eta Gasteizen aldi berean. Eusko Ikaskuntzak gizartearen kezkak eta nahiak jasoko ditu, abiapuntua Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek egindako proposamenak oinarri izanik.

Eusko Legebiltzarreko ponentziaren kideek lagunduta, lantaldeko koordinatzaile Jone Berriozabalek gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrak Eusko Ikaskuntzarekin batera sinatutako lankidetza hitzarmena. Akordioak autogobernu lantaldea euskal gizartearekin partekatu, aberastu eta kontrastean jartzea ahalbidetuko du. “Legebiltzar taldeek erabaki zuten sintesi dokumentu hori herritarrekin kontrastatzea parte hartze prozesu bat baliatuz, euskal gizartearen aniztasuna islatzeko ahaleginean” nabarmendu du Berriozabalek.

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak erakunde zientifiko-kulturalak hartutako ardura azpimarratu du "Eusko Ikaskuntzak autogobernuaren lantaldean talde parlamentarioek adostutako sintesiaren dokumentuaren inguruko eztabaida sozializatuko du. Bere analisiaren arabera, parte hartzen duten herritarren ekarpenak eta kontrasteak, desioak eta lehentasunak agerian utziko dituzte". Horrela, 100 urte bete berri dituen erakundeak, sorrerako helburuari eutsi egiten dio eta euskal gizartearen garapenerako eta gure demokraziaren kalitatean eragiteko lanean jartzen da.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen aldi berean

Saio bakarra egingo da hiru euskal hiriburuetan, egun berean eta ordu berean. Goizeko 9:30ean hasita eguerdiko 14:30ak arte Bilboko Azkuna Zentroan, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan eta Gasteizko Montehermoso Kulturunean gauzatuko dira eztabaidarako herritarren guneak.

Metodologia parte hartzailea erabiliko da eta gehitze eta adostasunen logikan gauzatuko da. Aurrena indar ideien mapa bat osatu eta ondoren elkarren arteko adostasunak bilatuko dira.

Beatriz Akizuk, Eusko Ikaskuntzako adituen lantaldearen bozeramaileak azaldu duenez "parte hartzea erraztu eta bultzatzeko bideak zabaldu nahi ditugu". Horretarako, leiho zuzenak daude Eusko Legebiltzarreko webgunean eta Eusko Ikaskuntzaren atari birtualean ere. Bertan ekaineko saioan landuko den dokumentazio osoa eskuragarri egoteaz gain, dagokion kokapenean  izen ematea gauzatzeko formulario dago. Elkarrekin Autogobernua berritzen: Herritarren gunea da kanpainaren izena. 

Eztabaidarako abiapuntua talde parlamentario bakoitzak egindako ekarpenak izango dira, hiru bloke tematikoren arabera landuko direnak. Batetik, subjektu politikoaren definizioa bilatuko da, zer eta nor garen adostu aldera. Bestetik, elkarbizitzarako oinarrietan sakonduko da, demokrazia eta eskubideak hizpide izanik, nolakoak garen eta nola izan nahi dugun etorkizunean argitzeko asmoz. Eta azkenik, autogobernu demokratikoaz hitz egingo da, zertaz erabaki nahi dugun eta zer harreman mota izan nahi dugun beste lurralde eremuekin landuz. 

Prozesu guztiaren emaitza txosten batetan jasoko du Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Legebiltzarreko autogobernuko lantaldeari irailean zuzenduko dio. 

Jone Berriozabal andreak itxi du prentsaurrekoa, ponentziaren kideen izenean, eskerrak ematen, alde batetik Eusko Ikaskuntzak prestatu duen gunea gizartearen parte hartzearen tresna ezinbestekoa izango delako eta, beste aldetik, gai honen inguruan, herritarren sekulako erantzuna espero dutelako.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp