Atxikimendua eta lanean jarraitzeko nahia nabarmendu da e5 egitasmoaren lehengo aurkezpen mintegian

Prentsa oharrak

2017/06/05

Atxikimendua eta lanean jarraitzeko nahia nabarmendu da e5 egitasmoaren lehengo aurkezpen mintegian

80 bat pertsonek aho batez babestu dute egitasmoa, euskara ikuspegi berritzaile eta partekatu batetik indartzeko xedearekin.

  • Proiektua euskalgintzari eta euskaraz garatu nahi duen komunitateari zuzenduta dago
  • Bildutakoen artean, agintariak, erakundeetako ordezkariak eta disziplina anitzeko euskalgintzako eragileak egon dira

Gasteizko Europa Biltzar Jauregiak 80 pertsona baino gehiago bildu ditu Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen (e5) egitasmoaren lehenengo aurkezpen mintegi irekian. Euskalgintzaren indarra eta ikuspegia berritzeko, eta horrekin batera, etorkizunerako estrategiak modu doituan berpentsatzeko helburua duen proiektua ezagutu eta parte hartzeko xedez batu dira arratsaldez.

Aurkezpen saioa izateaz gain, kontraste-elkarrizketak burutu dira bertaratutakoek proposatutako ereduaren gainean ekarpenak egin eta osatzeko. Halaber, tailer baten bitartez, euskal komunitatearen kapitalen mapa osatu da. Besteak beste, parte hartzaileen artean agintariak, erakundeetako ordezkariak edo euskalgintzako eragileak egon dira, disziplina anitzekoak, Euskal Herriko bazter ugaritik etorriak.

Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen proiektuak lana 2016an hasi zuen, lantalde egonkorra osatu zuenean, eta definizio eta kontzeptualizazio faseari ekin zion. Horren baitan kokatzen da hain zuzen, lehenengo mintegi hau. Aurten eta datorren urtearen bitartean azterketa fasean sakonduko du, Desiratutako Eszenarioen Konstelarioaren irudikapena eginez. Eta 2018an emaitzak, ondorioak eta proposamenak aurkeztuko ditu.

Eusko Ikaskuntza buru-belarri dabil lanean egungo euskal gizarteak 2015ean planteatu zizkion erronka nagusiei erantzun bila eta konponbide berriak eman nahian. Erronka horietako bat Euskararen Etorkizuna da, eta hor kokatzen da hain zuzen egitasmo hau.

2018, urte gakoa

2018an Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrenaren ospakizunen harira, proiektu honen eta zabalik dituen beste lau ikerketa lerroen emaitzak aurkeztuko dira Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp