Arabako Lurralde Orekarantz jardunaldiko materialak

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2017/10/04

Arabako Lurralde Orekarantz jardunaldiko materialak

Irailaren 21ean, Añanako Gatz Haranean, Lurraldeko egoera sozioekonomikoa aztertzeko jardunaldi bat egin zen, eta etorkizuneko garapenerako proposamenak jaso ziren.

Eusko Ikaskuntzak eta Arabako Foru Aldundiak Arabako Lurralde Orekarantz jardunaldia egin zuten, Arabako kuadrilei, herrietako egoerari eta etorkizuneko aukerei buruz hausnartzeko.

Jardunaldian, Diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko foru-diputatu Pilar Garcia de Salazar, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro eta Eusko  Ikaskuntzako zuzendari zientifiko Iñaki Beristain izan ziren. Haiek eman zioten hasiera ekitaldiari.

Jardunaldiaren hasieran, Arabako kuadrillen eta udalerrien erradiografia egin zen, eta, gaur egungo egoeratik abiatuta, zenbait faktoreren arteko lotura aztertu zen, egiturazko ezaugarrien bilakaeran oinarrituta. Gaindegiak egindako azterketak kuadrillen garapena ebaluatzeko adierazle-sistema bat garatu du, iraunkortasun-paradigma batetik abiatuta. Ondoren, Lurraldeko eskualdeetako joerak eta etorkizuneko agertokiak azaldu ziren, batik bat biztanleen banaketari dagozkionak. Besteak beste, diagnostiko horrek demografiaren, egitura ekonomikoaren, lurraldeko azpiegituren, enpresa-ekintzailetzaren, gizarte-kohesioaren eta abarren egoeran sakondu zuen. Orobat, epe luzeko egoerari buruzko azterketak ere aipatu ziren (Millenium proiektua). Haietatik, herri txikiek aurre egin beharreko zenbait erronka ondorioztatu dira, baina baita aukerak ere, lanaren etorkizuneko joerei eta laugarren iraultza teknologikoari esker.

Azterketa-lan hori aurkezteaz gain, garrantzi handiko beste jardunaldi batzuetako (Zeraingo Kongresua eta Barkoxeko Foroa) adibideak eman ziren, irakaspen horiek Arabarentzat eta kuadrillentzat interesgarriak izan ote zitezkeen interpretatu nahian.

Baina adibideak ez ziren tokian tokiko mugan geratu. Arabako Lurralde Orekarantz jardunaldia amaitzeko, landa garapenari buruzko nazioarteko jardunbide onen berri eman zen. Nazioarteko zenbait esperientzia berrikusi ziren, Arabaren kasuan erabili beharreko erreferentziazko elementutzat har zitezkeelakoan.

Lau hitzaldien bideoak eta jardunaldiaren bideolaburpena gure YouTubeko kanalean daude. Gainera, nahi duenak argazki-albuma ikus dezake gure Flickr-eko kanalean.

Bestalde, Gaindegiak Arabako kuadrillak. Lurralde iraunkortasunerako diagnostikoa azterlana argitaratu du. Haren webgunetik behera karga daiteke.

2017.09.21 Arabako lurralde orekarantz. Añana

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp